You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ba al zenekien...?

In Focus 105. aretoko erakusketa bakoitzaren harira sorturiko programa didaktikoaren izena da. Andy Warhol: Itzalak erakusketari dagokionean, Andy Warholen lanaren ezaugarriak aztertzen dira, besteak beste, koloreen erabilera berezia, objektuen eta AEBko kultura herrikoiaren ikonoen bereganatzea eta serigrafiaren ohiko erabilera. Amaitzeko, argiekin eta koloreekin jolasteko aukera duzu In Focus honetarakobereziki prestatutako ikus-entzunezko instalazioaren bidez. 

Andy Warhol: Itzalak erakusketako didaktika gunean, argiarekin eta kolorearekin esperimentatzeko aukera izango duzu.

Andy Warhol Pop Artearen egile gailenetako bat izan zen 1960ko hamarkadan, AEBn. Pop artistek, maiz, herri kulturatik hartutako ikonografiaz baliatzen ziren, eta Warholek askotariko irudi komertzialak bereganatu zituen, besteak beste: salgaienak, esaterako, zopa etxe baten izena eta logoa; sinboloak, adibidez, dolarraren ikurra; famatuen irudiak, esaterako, Marilyn Monroe-rena (ikus 303. aretoko lana); eta zorigaitzarekin lotutako objektuen eta gertakizunenak, adibidez, aulki elektriko batena eta auto-istripuena. Horrelako irudiak haren artegintzaren gai nagusi bihurtu zituen.

Andy Warholen lanetako gehienak figuratiboak dira, baina abstrakzioarekin ere esperimentatu zuen, 1977 eta 1983 artean egindako sail batzuetan, tartean, Itzalak, Arrautza (Egg), Haria (Yarn) eta Oxidazioa (Oxidation). Itzalak lana argiaren eta hainbat objektuk egindako itzalen gaineko ikerketen adibide dugu. Halaber, agerian jartzen du artistak mihise bakoitzean margo-trazu bat utzi zuela; horrek mihise guztiak desberdinak egiten ditu, lehen begiratuan berdinak ematen duten arren.

Andy Warholek egiletasunaren ohiko nozioa zalantzan jarri zuen, modu mekanikoan eta behin eta berriro erreproduzitu baitzituen (serigrafia baliatuz) eguneroko bizitzako salgaien irudiak eta horiek arte-galerietan eta museoetan erakusgai jarri baitzituen, hots, artea ikusteko tokietan.

Andy Warhol eta haren New Yorkeko estudioko laguntzaileek The Factory izena eman zioten estudioari, bertan askotariko lanak, kopuru handitan, ekoizten baitzituzten. Warholek baliabide anitz erabili zituen, hala nola, pintura, argazkigintza, serigrafia, zinema, moda, telebista, bideoa eta musika. Baliteke Itzalak egiteko erabilitako argazkiak The Factoryn atera izana.

Orokorrean, Andy Warholek kolore biziak eta aseak erabiltzen zituen eta horren adibide ditugu Itzalak lanen gorria, beltza, horia, zuria, urdina, morea eta berdea. Pertsona bakoitzak kolorea haren garunaren bidez hautematen du. Begiaren atzealdean dauden milioika zelulek (kono eta makil izena dutenek, batez ere) argia hauteman eta nerbio-bulkada bihurtzen dute; bulkada horiek garunera heltzen dira nerbio optikoaren bidez. Konoak erretinaren erdialdean daude, fobea deritzon eskualdean, eta hiru kolore ezberdintzen dituzte: gorria, urdina eta berdea. Garunak eragiten du koloreak modu kontzientean hautematea. Warhol liluratuta zegoen koloreekin, hauek mezuak eta datuak aditzera emateko eta horietan eragina izateko duten ahalmenarekin; izan ere, Faber Birren (1900–1988) kolorearen ikerlari eta arte historialari estatubatuarraren teorien berri zuen.

Galeria

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean