You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Erakusketa

2016(e)ko otsailak 26 – 2016(e)ko urriak 2

Andy Warhol “gauza aspergarriak” gustatzen zitzaizkiola aldarrikatu izanagatik egin zen ezaguna eta haren lanarekin 1960ko hamarkadaren kronika egin zuenetik, egunkari, aldizkari eta irudi-artxibategietatik ateratako irudiak baliatu zituen horrelakoak topatzeko. 1978an, 50 urte bete zituenean, Itzalak (Shadows) izeneko lan eskergari ekin zion Factory-ko kideen laguntzaz. Lan hau osatzen duten 102 mihisetan Warholek abstrakzioaren inguruan aurretik egindako saiakerak laburbildu zituen. Artelan hau guztiz iraultzailea izan zen bere garaian; formatua bera, adibidez, guztiz ezohikoa zen: Warholek zati asko dituen pintura gisa sortu zuen eta erakusgai jartzen diren mihise kopurua erakusten den espazioaren araberakoa da. Adibidez, erakutsi zuten lehen aldian 83 mihise baino ez ziren zintzilikatu bata bestearen ondoan eta lurretik nahiko gertu (30 cm-ko altueran), artistak bidalitako laguntzaileek erabakitako hurrenkeran.

Guggenheim Bilbao Museoan artelana osatzen duten 102 mihiseak ikusgai dira. Horietan begi bistakoa da Warholek erabiltzen zuen kolore-paleta bizi eta distiratsua. Mihiseetako hondoa margotzeko esponjazko mopa erabili zuen eta horrek utzitako kolpeek eta isuriek artistaren keinuak azpimarratzen dituzte pintura-planoan. Itzalak egiteko zazpi edo zortzi serigrafia-pantaila erabili zituen eta hori erraz antzeman daiteke formen gune ilunetan eskala ezberdintasun txikiak gertatu direlako eta argi puntuak ausaz agertzen direlako batzuetan. Aretoko paretetan “itzal” horien inprimaketa positiboa eta negatiboa txandaka agertzen dira.

Errepikakorra badirudi ere, Warholen “metodo mekanikoari” begiratuz gero ohartuko gara artistaren eskua nabarmena dela. Interesgarria da azpimarratzea Itzalak lanaren ezaugarri garrantzitsu hau: ezin da inolaz ere erreproduzitu itxuraz seriean ekoiztutakoa den artelan hau. Horrek zalantzan jartzen du Warholen “plagioaren” estetika eta haren proiektua oinarrian piktorikoa dela agerian uzten du. Erreplika bat izan beharrean, Itzal bakoitza forma jakin bati dagokio, espazioa zehaztasun osoz betetzen duena eta behatzailearen begirada argirantz zuzentzen duena; argia baita serie honen gai nagusia. Warholek itzaletan jarri zuen arreta osoa artelan honetan argia pizteko (kolore eztandak) eta honela artearen oinarrizko gaira bueltatu zen: hautematea.

Dia Art Foundation-ek antolatutako erakusketa

New York Magazine, 1979ko otsailaren 5a, 9-10 or.

Pintoreak bere koadroak zintzilikatzen ditu.
Andy Warhol

Asteartean nire koadroak Heiner Friedrich-ek Sohon duen galerian zintzilikatu nituen. Egia esan, 83 zatiko koadro bakarra da. Zati bakoitzak132,1 x 193 cm neurtzen ditu eta guztiak oso antzekoak dira, kolorean izan ezik. “Itzalak” izenburua jarri diet nire bulegoko itzal baten argazkian oinarritzen direlako. Serigrafiak dira, eta pintura mopa batez eman nien gainetik.

Haiekin lanean duela urte batzuk hasi nintzen. Baina batez ere asteburuetan lan egiten dut, aste barruan solasean jarduteko jendea etortzen delako.

Koadroak ez daude salgai. Haien jabea den Lone Start Fundazioak erakusgai jarriko ditu.

Norbaitek artea zirela pentsatzen nuen galdetu zidan eta ezetz erantzun nion. Begira, inaugurazioan festan egin zen. Beraz, festarako dekoratua dira, diot nik.

Erakusketa hau besteak bezalakoa izango da. Kritikak negatiboak izango dira, egiten zaizkidan kritikak beti hala dira. Baina festaren inguruko kritikak bikainak izango dira.

Koadroa(k) begien parean zintzilikarazi nuen/nituen. Beherago egongo balira jendeak ostikadak emango lizkieke, batez ere festan. Koadroa zintzilikatzean arazo bakarra aretoaren zorua izan zen. Galeriaren kantoi bat bestea baino 30 cm gorago dago.

Baina lagunek lagundu zidaten eta, lanak amaitu ondoren, bazkaltzera joan ginen. Nik pepino txikiak ozpinetan jan nituen eta Evian ura edan nuen hasteko; ondoren, Perrier Jouet.

Galeria oso ederra zegoen. Gune bakuna, garbia, da. Mao-n egin nuen erakusketa handiagoa izan zen, baina hauxe da urte askotan New Yorken egin dudan erakusketa handiena.

Amaitu genuenean paseatzera joan nintzen lagun batzuekin. Ivan Karp-en O.K. Harris galerian geratu ginen. Artearen munduan gaur egun jende asko ari dela itzalak egiten esan zidan. Ez nekien.

Ondoren, kalea gurutzatu genuen eta Holly Solomon-en galerian sartu ginen. Beti gustatu izan zait aurreko espaloian erakutsitako artea nirea baino hobea ote den ikustea”.

Andy Warhol
Itzalak (Shadows), 1978–79
Akrilikoa mihise gainean, 102 pinturas sobre lienzo (markorik gabe)
193 × 132 × 2,9 cm bakoitza
Dia Art Foundation
Erakusketaren ikuspegia: Dia:Beacon, Beacon, New York
Argazkia: Bill Jacobson
© 2016, The Andy Warhol Foundation for the Visual Arts, Inc./VEGAP

Andy Warhol, Diarios. 202. bolumena, Panorama de narrativas bilduma. Patt Hacket eta Anagrama Editorial S. A., 1990, 266–267 or.

1979ko urtarrilaren 23a, asteartea

“Taxiz joan nintzen West Broadway-ko Heiner Freidrich-en galeriara (5$). Fred oraindik ez zen iritsi. Ronnie eta Stephen Mueller koadroak zintzilikatzen ari ziren. Erakusketa oso polita zegoen, galeria oso handia da...

Etxera heldu nintzenean, De Menil andreak hots egin eta mezu bat utzi zidala ikusi nuen. Bertan zioen asko gustatu zitzaiola Heine-ren galerian ezarri nuen erakusketa”.


Andy Warhol, Diarios. 202. bolumena, Panorama de narrativas bilduma. Argitaratzaileak: Patt Hacket eta Anagrama Editorial S. A., 1990. 268 or.

1979ko urtarrilaren 25a, osteguna

“Philippak René Ricard gonbidatu zuen —haren Dia Foundation-ek kontratatu berri du lehen poeta gisa lan egin dezan ongintzako ekitaldietarako—. Beraz, nire obra ‘dekoratiboa besterik ez zela’ esanez heldu zen Irving 65era. Horrek asko amorratu ninduen eta lotsagarria izan zen mundu guztiak naizen bezala ikusi ninduelako. Gorritu egin nintzen eta errieta egin nion… Mundu guztia harrituta zegoen ni hain haserre eta hari errieta egiten ikusteaz”.

Andy Warhol
Itzalak (Shadows), 1978–79
Akrilikoa mihise gainean, 102 pinturas sobre lienzo (markorik gabe)
193 × 132 × 2,9 cm bakoitza
Dia Art Foundation
Erakusketaren ikuspegia: Dia:Beacon, Beacon, New York
Argazkia: Bill Jacobson
© 2016, The Andy Warhol Foundation for the Visual Arts, Inc./VEGAP

Donna De Salvo, Andy Warhol Retrospective. Londres: Tate, 2001, 50–51 or.

“Garai horretan pertsona ezagunen koadroak egiteagatik eta eduki probokatzailea eta erreferentziaz betetakoa arrakasta handiz ustiatu izanagatik ezaguna zen artista baten ibilbidean, Itzalak lana anomalia ematen zuen. Adierazpen existentzial gisa, guztia eta ezer ere ez gisa, galkorra den zerbait gisa, aldakorra eta benetako itzalak bezain ukiezin gisa azaldu dira Itzalak. Margotzea beraren inguruko gogoeta gisa ere definitu da lana. Baina, beti, bere azken aldiko lantzat jo da, Rorscharchs, Kamuflajea (Camouflage) eta Oxidazioa (Oxidation) sailetako koadroekin batera. Koadro horietan baliatutako estrategia bisual bakoitza hamazazpi urte lehenago erabilitakoen berdina da. Aurretik egindako serigrafiekin gertatzen den bezala, begiratu batean mihise guztiek berdinak badirudite ere —uste hori, gainera, itzalaren irudiaren errepikapenak indartzen du—, ez dira berdinak. Gure begirada mihise batetik bestera mugitzen da modu instintiboan, informazio gehiago bilatuz.

Diferentzia moparekin eta sarearekin egindako trazuaren irmotasunean eta kolorean dago. Kolore-konbinazioek eta aldatzen doan itzalaren arkuak eremu liluragarria eta hipnotikoa sortzen laguntzen dute. Edertasun iragankor hutseko sentsazioa sorrarazten du lanak”.

Andy Warhol
Itzalak (Shadows), 1978–79
Akrilikoa mihise gainean, 102 pinturas sobre lienzo (markorik gabe)
193 × 132 × 2,9 cm bakoitza
Dia Art Foundation
Erakusketaren ikuspegia: Dia:Beacon, Beacon, New York
Argazkia: Bill Jacobson
© 2016, The Andy Warhol Foundation for the Visual Arts, Inc./VEGAP

Julian Schnabel, “Shadow Paintings”, Andy Warhol: Shadow Paintings, erak. kat., New York: Gagosian Gallery, 1989.

“Serigrafiatzeko sarea brotxa osagarri gisa erabili zuen modua bere jokabidearen ezaugarri da. Eta interpretaziorik gabe, azalpenik gabe, aukeratzeko eta jarduteko hartu zuen erabakia sentimenduaren erabateko ukapena izan zen. Pintore bakarra izan da keinu eta autoukapeneko erradikaltasun-maila horretara heltzen… Koadro hauek gure gainera eralkitzen dira bizitzaren mugaren itzala bezala. Koadro horiek Andy Warholen ukitua dira, bere distantzia… Koadro horietan asko dago, Andyren koadroen irudi guztiek koadro hauen argia eta itzala zeharkatzen dute, eta izaera existentzialaren ikuspegi honetan berresten eta aditzera ematen dira”.

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean